Gotzenetik

Sukaldearen beroa

Ostirala, 2009 Abendua 4
Kategoria: Berriak

Sukaldea, baserriko leku esanguratsuenetakoa da, esanguratsuena ez bada. Sarrerako atetik sartu eta eskatza egon ohi da. Hortik sukaldera sartzen gara.
Bertan prestatzen eta jaten dira otorduak, bertan egiten dira baserriko eskulan asko: babarruna aletu, patata txikitu etab., bertan biltzen dira etxekoak, eta nola ez bertako “nagusia” amona edo ama izaten da. Hau da etxeko emakumea.

Sukaldeko leihoa

Bertako lehiotik kanpora begira egotea gauza ederra da. Ekonomika edo suaren epeltasunak laguntzen duenik, ezin ukatu. Hau da, gaurkoa bezelako egun ilunetan, neguko eguraldiekin garrantzia berezia hartzen du. Denok sukaldeko berotasuna bilatzen dugu, ze gauza ederra esku hotzak suaren gainean berotzea…

Horregatik gaurkoan, aste honetan bere heriotzaren urteurrena gogoan izan dugularik, Mikel Laboaren honako abesti hau ekarri nahi izan dugu: “Oroitzen zaitudanean “. Kantu honek, guri behintzat, baserriko sukaldean dagoen ama gogorazten baitigu. Beraien omenez.

Oroitzen zaitudanean, ama
sukaldean egoten zara
mahaia bostentzat iminita,
aulkian eseri eta
leihotik begira,
kristala lausotzen duen
lurrina kendu gabe,
eta ni -badakit-
zeure begien hondoan nagoela

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

Artaburuak ugari

Astelehena, 2009 Azaroa 23
Kategoria: Lanak

Artoa gehiago erabiltzen da Gipuzkoan; Gonzalo Percáizteguik ekarri zuen lehenengoz Indietatik, eta gero beste probintzietara zabaldu zen. Ugari datorren alea da, eta San Markos egunetik aurrera landatu behar da. Horren irinarekin ogi handiak eta txikiak egiten dira, eta opil meheak, bero daudenean onak direnak, eta baita ere ogi sendoagoak; eta ohitzen direnez, jende askok gari-ogia baino nahiago ditu. Eta mendi-gizonek, ikazkinek, egurgileek eta bestek, ez dute gari-ogirik nahi, arto-irinez egindakoa baizik, elikagai sendoa delako, eta hori janez hobe egiten diotelako aurre euren lanari gari-ogia janez baino. Eta horrela irina mendira eramaten dute, txaboletan masa landu eta artopilak egiten dituzte, errauts azpian egosten dituztenak. Horrekin eta era berean elikagai sendoa diren egositako babekin ekaitz guztiei egiten diete aurre, euri-jasei, izozteei, elurteei eta urakanei. Jende pobre eta nekazarien ohiko ogia ere bada artoa.
Aita Larramendik (1690-1766) Gipuzkoari buruzko lanean idatzitako testua da.

Testu hau idatzi nahi izan dugu post honetan, artoak gure gizartean izan duen garrantzia azpimarratzeko. Hau da, lanerako orduan zer jan zerikusia handia zeukan. Nonbait desberdintasun handia zegoen garizko edo artozko irinarekin egindako ogia jan. Guk nabarmenduko ote genuke ?

Oraintxe gaude artoa biltzeko garaian. Babarrunak bildu genituen bere garaian, eta artaburuak orain arte soroan izan da heltzen. Dagoeneko arto landarea seka seka eginda dago. Orain neguarekin batera, euriak harrapatu baino lehen bildu behar ditugu. Hau da ezin dira busti, usteltzeko arriskua baidaukate.
Aurrena, kanpoko azala kentzen zaie. Azal eta guzti ganbaran zabalduz gero xomorro eta sagu gehiago agertzeko aukera handia izango genuke. Baldera bildu, eta hau betetakoan zakuetara hustutzen joaten gara. Horrela soroan zehar zakuak zabaltzen joaten dira. Artaburu guztiak bildutakoan, zakuak sokekin itxi eta karritelara biltzen dira, baserrira ekartzeko.
Hemen bizkarrean hartu eta ganbarara igo ditugu lurrean zabalduta jartzeko. Hau da, orain arte babarruna eduki dugun lekuan orain artaburuak jarri ditugu lehortzen.
IMG_6063 IMG_6062 IMG_6067 IMG_6068

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

Egiazko negua San Martinez hasten da

Osteguna, 2009 Azaroa 12
Kategoria: Ohiturak, Lanak

Horixe dio esaera zahar batek, eta atzo nola San Martin eguna genuen, Euskal Herrian txerria hiltzen hasteko garaia izaten da.
Txerria hiltzeko, hotza nahitaezkoa zen, orduan ez baitzegoen egungo hozkailu eta antzeko sistemarik. Beraz Azaroan hotza handia egiten zuenez garai aproposa izaten zen Txerri Festa egiteko.
Gaur eguneko txerri hiltzea oso desberdina da duela urte batzuk egiten zutenarekin konparatuz.

IMG_1539

Guk duela urte batzuk nola hiltzen zuten esplikatuko lehendabizi.
Txerri Festa deitzen zitzaion eta benetako “festa ” izaten zen. Egun gutxitan normalean baina askoz ere jan gehiago izaten zutelako jateko.

IMG_1535

Goizean goiz hasten zen Txerri Festa. Baserrian inor ez bazegoen txerri hiltzen zekienik kanpotik etortzen edo ekartzen zute norbait lan horretarako. Normalean inguruko harakinen bat. Goizean aurreneko orduan txerria hiltzen zen. Ondoren odol hustu eta tripa guztiak ateratzen zitzaizkion. Txerria berriz makil batetik zintzilik jarrita kanpoan uzten zen hoztutzen.

Bitartean txerri gibelarekin gosaldu egiten zuten. Tripa bapo bete ondoren, berriro lanera. Hesteak ondo garbitu behar izaten ziren odolkiak egiten hasteko. Hau goizeko lana izaten zen.

IMG_1543

Arratsaldean berriz txerri zatiketako lanak izaten ziren. Hauetako pusketak batzuk kutxilloarekin txikitzen ziren, handik bi egunetara txorizoak egiteko.

Gaur egun berriz, askoz ere denbora laburragoan egiten da. Azken finean lana berdintsua da, Gotzenen behintzat odolkiak, txorizoak etab. lehen bezala egin ohi ditugu baina posteko irudietan ikus dezakezuen bezala azpiegitura modernogoekin, ondorioz azkarrago ere egiten da. Hau da lehen txerria etxeko pertsonen artean eusten zen, gaur egun aldiz zintzilik jartzen da, sopletea erabiltzen da…

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (5) erantzun

Udazken babarrunetan

Larunbata, 2009 Azaroa 7
Kategoria: Baratza, Lanak

Azaroko lehen egunekin batera, udazken bete betean sartu gara, eguraldia dagokionean behintzat. Beraz baratzako lanak ia alde batera utzi behar izan ditugu. Aurreko astean negurako porrua eta aza landatu genituen. Landare gogorrak dira, beraz eguraldi busti eta euritsuarekin aurrera ateratzen dira. Era berean datorren udaberrirako lanak aurreratzen hasi gara: ilarrak eta batxuriak erein ditugu. Hala ere nobedade bezela, aurten inbernadore txiki batean letxuga landatu dugu, horrela neguan zehar etxeko letxuga jan ahal izateko.

Baina egun hauetan zertan ari gara kanpora baratzan ezin bada hankarik jarri ? Babarruna aletzen. Honela esanda lan erraza ematen du baina pausuz pausu esplikatuko dugu gure bailaran ohikoa den leka honek ematen duen lana. Apirilean erein genuen eta Iraila eta Urrian heldutako lekak biltzen joan gara. Orain arte ganbaran egon dira, lurrean zabalduta sekatzen.

- Zabaldutakoa zakuan sartu eta sukalde epelera jeisten da, bertan barriñoian jarrita aletzeko.

- Aurrena zakua ondo itxi eta eskobarearekin kolpeak ematen zaizkio, hala errezago aletzeko.

- Azalak konpaxistoan biltzen ditugu, gero hauek behiek gustora jaten dituzte.

- Aletutako aleetan, aukeraketa egin. Hau da, ale zartatu, itsusi eta ustelak apartatu.

- Ale on aukeratuei, haizea dabilenean, “haizetan pasa” daukan hautsa eta zikina kentzeko.

- Aleei trapua pasatu diztira ateratzeko.

- Izozkailuan hiru egunetan edukitzen dira, eduki lezakeen xomorroa akabatzeko.

- Izozkailutik atera eta urte guztirako daukagu babarruna jateko prest.

IMG_4790 IMG_5920

IMG_5916 IMG_5927

IMG_5922 IMG_5795

IMG_5797 IMG_5801

IMG_5599 IMG_5929

Hau dena esplikatu ondoren, galdera bat daukagu zuentzako. Zenbatean salduko zenukete babarrun kiloa lan guzti hau eginda gero ?

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (2) erantzun

AHTa badator gurera ere

Ostirala, 2009 Urria 30
Kategoria: Berriak

Duela bi aste jaso genuen berria: lehenik egunkarian eta ondoren, handik astebetera, eskutitzez, nola AHT-ko “Tolosa” izeneko zatiak gure inguruan 200.000 metro karratutik gora okupatzeko desbajetze eta aldi baterako okupazio tramiteak abian direla.
Eta nola ez Gotzeneri azpiegiturak honek ere kalte egin dio. Egia esan, azken urteetan egin diren azpiegitura gehienek kaltetzen digute: trenbideak, N1-eko errepideak, Aldabako errepidea, kolektorea, argi indarraren linea… eta nola ez, orain AHTa.

Gotzeneren kasuan hiru lur zatiri afektatzen die (hektarea asko). Berauek desjabetu egingo dizkigute.
Printzipioz iturri ofizialetatik ez dakigu gehiago.
Dirudienez gure lurretan hondakindegi bat egin nahi dute, obretatik ateratako soberakinak bertan metatzeko.

Gaur egun egoera larrian dauden gure baserriak laguntzeko “modurik onena “ez da. Hasteko alegazioak aurkeztu, informazioa lortu, ondorioak jakin, datak… hortan air gara. Galdera mordoa dauzkagu, baina erantzun gutxi.

aht_logo_iruna

Bitartean AHT Geldituk mendi martxa deitu du Elkarlanak azaroaren 1ean Ikaztegieta, Aldaba eta Alegiko leku kaltetuetara. Hain zuzen ere Euskal Y-aren eraikuntzak eragingo lituzkeen kalte larria salatzeko. Goizeko 10.30tan Ikaztegietako RENFE geltokitik abiatuta, Aldaba eta Langaurreko baserrialde eta basoetn barna 3 orduko martxari ekiteko.

Guk ere bat egin nahi dugu mendi martxa honekin.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

Alegiko Nekazal Azoka (II)

Ostirala, 2009 Urria 23
Kategoria: Baratza, Berriak

Igande goiz hotza izan genuen Alegiko plazan.
Eguzkiari kosta egin zitzaion laino artean agertzen eta kosta baita ere plaza berotzen. Baina hala ere giro polita eta beroa jendeak jarri zuen.
Jende ugari bildu zen, herritarrek jarritako postu eta animaliak ikustera.
Hainbat baratzako produktuen postu zeuden, Eusebioren berdurak, Aldaba Zaharreko gaztak, Lukasen ogia, Peioren sagardoa, Gaztetxoen gaztainak, Errotako taloak, eskolakoen eta dantzarien pintxoak… hau da, denetik.

IMG_5609 IMG_5589

IMG_5604 IMG_5603

Aldiz, Txintxarriko plazan animali ugari: ardi, arkume, abere, ahuntz, antxume… eta plazan zehar Hernani eta Oiartzun inguruko Albokarien taldea.

IMG_5610 IMG_5620

III. Nekazal Azoka arrakastatsua izan zen eta gu ere gustora geratu ginen.
Eramandako gauza gehienak saldu genituen eta jendeari gure postua gustatu zitzaiola dirudi.

IMG_5593 IMG_5597

IMG_5594 IMG_5600

IMG_5601 IMG_5599

Hurrengo urtekoari itxarongo diogu, aholku edo ideiaren bat?

Ideia polita eta eskertzekoa Udaletxeak atera zituen paperezko poltsenak. Politak, desberdinak eta plastikoa baztertzeko aurreneko pausoa.

Eskerrik asko denei.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

Alegiko Nekazal Azoka (I)

Asteazkena, 2009 Urria 14
Kategoria: Baratza, Berriak

Igande honetan, Urriak 18, Udazkenean Kulturako III. Nekazal Azoka ospatuko da Alegiko plazan. Bertan herriko nekazari, barazkizaleak etab. izango dira beraien urteko lana erakusgai eta salgai izango dituzte.

IMG_4360.JPG

Gu ere bertan izango gara iaz bezala, Baina aurten ez dugu emango hegazti berezirik ezta oilorik ere, soilik baratzako produktuak.
Hasi porruak, arraultzak, letxuga, eskarola, babarruna, pikuak, kiwiak, tomateak, piparrak, mahatsa, patata, hau da baratzan eta baserrian dauzkagun produktuak. Batzuk erakusgai eta besteak saltzeko asmotan.

Beraz nahi duzuen guztiok gonbidatuta zaudete goizeko 11.00tatik aurrera. Azaldu !

Iazkoa gogoratzeko, hona hemen Tontokaletik eskeini ziguen posta: Alegiako Azoka 2008

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  Erantzun(1)

Peritik bueltan

Osteguna, 2009 Urria 8
Kategoria: Ganadua, Berriak

Larunbat goiza. Tenperatura preskoa. Belaino sendoa gure bailaran. Tolosara gerturatu eta aurreneko lana aparkatzea. Ez pentsa lan erreza denik.
Ferialekura gerturatzen ari garen eran kamioi eta erremolke ugari ikusten dira bertako aparkalekuan. Sarrera nagusian, bigantxa dezente daude erakusgai. Barrutik berriz, marru hotsak entzuten dira. Jende ugari dabil ikusmiran. Batzuk baserritarrak dira, hau da, gaiaz dakitenak eta benetako entendituak. Besteak aldiz kalekumeak, ganaduari harrituta begira gelditzen direnak: “begira, ze zintzarria daukan “, “honek adar handiak dauzka”. Giro polita somatzen da.

IMG_5377

Bi kale osatu dituzte, bertan ganaduak sokarekin lotuta daude eta jendea pasilu honetan aurrera eta atzera dabiltza. Bakoitzaren gainean txartel identifikagarriak daude zintzilik. Nagusiaren izena, baserriaren izena, nongoa, behiaren identifikazio zenbakia, aita eta ama zein dituen, bere jaiotze data… Ondoan ganaduzalea adi, bere akuilu eta guzti, ganadua ez dedin asko aztoratu.

IMG_5375

Eguardi aldera lehiaketa hasi da, bertan Diputazioko bi albaitariek behi bakoitza arrazaren ezaugarrien arabera baloratzen dute, eta puntuazioa batu ondoren irabazlea zein den erabaki.

IMG_5378

Gotzeneko behiak, Parda Alpina arrazakoak dira, eta Gipuzkoako baserri gutxitan daude arraza honetakoak. Beraz, azken urte hauetan erakusgai bakarrik joaten dira Tolosara. Aurten gureak eta Hondarribiko baserri batekoak bakarrik zeuden. Adibidez, Goena jogurtak egiten dituzten baserrikoak ere gureen arraza berdinekoak dira.

IMG_5370

Goiz pasa egin, eta arratsalderako ikuilura. Bada garaia, behiak errapetik esnea dariola daude. Hurrengo urtera arte.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

Perirako prestaketak

Ostirala, 2009 Urria 2
Kategoria: Ganadua, Berriak

Bihar, Urriak 3, urtero bezala Tolosako Ferialekuan Ganadu Peria eta lehiaketa izango da. Gotzeneko behiak urtero izaten dira bertan eta baita sariak irabazi ere. Aurten ere bertara joatekotan dira. Horretarako aurreko egun hauetan “preparatibo ” eta mugimendu ugari izaten da ikuiluan.

IMG_5230

Alde batetik behiekin baserri aurrean paseatu behar izaten da sokatik elduta, piskanaka ohitzen joateko, gero bihar perian “desfilatzeko” eta behiak ez daitezen asko aztoratu.

IMG_5243

Bestetik ondo garbitu eta ondo orrazten dira ura eta zepiluarekin, gero txukun eta dotore azaltzeko.

IMG_5252

Hurrengo postean peria nola joan den kontatuko dizuegu. Gonbidatuta zaudete eta nahi duenak azaldu Ferialekura.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (3) erantzun

Morroia

Osteguna, 2009 Iraila 24
Kategoria: Berriak

Egun morroi gutxi geratzen dira gure baserrietan.

Morroiak, baserrian otordu eta lo lekuaren ordainetan, baserriko lanetan laguntzen zuten. Kasu askotan, egun erdiz baserritik kanpoko lantokian lan egiten zuten eta gero, gainontzeko orduetan baserriko lanetan laguntzen zuten.

Baserriko lanak

Garai hartan, horrenbeste seme alaba izaten zituzten familietan, morroi bezala askotan bidaltzen zuten semeren bat, alabak aldiz neskametza lanetara. Irtenbide bat izan ohi zen, galtza bete lan izaten baizuten famili guztiarentzat jatekoa bakarrik lortzen.

Gazteak baserrian

Gotzenen, duela 40 bat urte izan ohi zen morroiren bat.
Gure kasuan, azkenetako morroiak gure familikoak izan ziren, hain justu ere lehengusuak.
Gure amak dioenez, lehengusu hauek 3 anai omen ziren, eta gero morroitza utzi omen zuten Kanadara joateko.
Han, baso lanetan aritzen omen ziren. 10-12 laguneko taldeak izaten omen ziren eta 6 hilabeterako basora joaten ziren. Bertan egoten omen ziren , denbora guzti horretan, herrira jeitsi ere egin gabe. Rantxeroa deitzen zioten sukaldari bat izaten zuten talde bakoitzak, eta honek denentzako otorduak prestatzen zituen. Jana, aldian behin, helikopteroz botatzen zizkioten. Horrela negu giroa iritsi arte, menditik jeitsi gabe egoten ziren.

Aizkolariak amerikan

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  Erantzun(1)

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Janis Joseph