Artaburuak ugari
Astelehena, 2009 Azaroa 23“Artoa gehiago erabiltzen da Gipuzkoan; Gonzalo Percáizteguik ekarri zuen lehenengoz Indietatik, eta gero beste probintzietara zabaldu zen. Ugari datorren alea da, eta San Markos egunetik aurrera landatu behar da. Horren irinarekin ogi handiak eta txikiak egiten dira, eta opil meheak, bero daudenean onak direnak, eta baita ere ogi sendoagoak; eta ohitzen direnez, jende askok gari-ogia baino nahiago ditu. Eta mendi-gizonek, ikazkinek, egurgileek eta bestek, ez dute gari-ogirik nahi, arto-irinez egindakoa baizik, elikagai sendoa delako, eta hori janez hobe egiten diotelako aurre euren lanari gari-ogia janez baino. Eta horrela irina mendira eramaten dute, txaboletan masa landu eta artopilak egiten dituzte, errauts azpian egosten dituztenak. Horrekin eta era berean elikagai sendoa diren egositako babekin ekaitz guztiei egiten diete aurre, euri-jasei, izozteei, elurteei eta urakanei. Jende pobre eta nekazarien ohiko ogia ere bada artoa.”
Aita Larramendik (1690-1766) Gipuzkoari buruzko lanean idatzitako testua da.
Testu hau idatzi nahi izan dugu post honetan, artoak gure gizartean izan duen garrantzia azpimarratzeko. Hau da, lanerako orduan zer jan zerikusia handia zeukan. Nonbait desberdintasun handia zegoen garizko edo artozko irinarekin egindako ogia jan. Guk nabarmenduko ote genuke ?
Oraintxe gaude artoa biltzeko garaian. Babarrunak bildu genituen bere garaian, eta artaburuak orain arte soroan izan da heltzen. Dagoeneko arto landarea seka seka eginda dago. Orain neguarekin batera, euriak harrapatu baino lehen bildu behar ditugu. Hau da ezin dira busti, usteltzeko arriskua baidaukate.
Aurrena, kanpoko azala kentzen zaie. Azal eta guzti ganbaran zabalduz gero xomorro eta sagu gehiago agertzeko aukera handia izango genuke. Baldera bildu, eta hau betetakoan zakuetara hustutzen joaten gara. Horrela soroan zehar zakuak zabaltzen joaten dira. Artaburu guztiak bildutakoan, zakuak sokekin itxi eta karritelara biltzen dira, baserrira ekartzeko.
Hemen bizkarrean hartu eta ganbarara igo ditugu lurrean zabalduta jartzeko. Hau da, orain arte babarruna eduki dugun lekuan orain artaburuak jarri ditugu lehortzen.
zabaldu |
del.icio.us |















































